XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lana aldarrikatu zen atzo Euskal Herrian

Berrindustrializazioaren eta enpleguaren aldeko mezuak nagusi izan ziren manifestaldi guztietan.

Sindikatuen deialdiei jarraituz eta euriaren mehatxuari muzin eginez, milaka langilek hartu zuten parte atzo Euskal Autonomi Elkarteko hiru hiriburuetako manifestaldietan.

Lanaren eta industriaren aldeko mezuak nagusi izan ziren guztietan.

Deialdi sakabanatuen artean, jendetsuena Bilbon ELA eta CCOOek burututakoa izan zen.

Euskal Herriak bizi duen krisi egoera larriarentzako konponbidea eta lanpostuak sortzeko premia izan ziren atzo Bilbon eginiko manifestaldietako aldarrikapen nagusiak.

Bizkaiko garbiketako langileek eman zieten hasiera ekitaldiei, CCOO, ELA, LAB eta ESK-k sinatzen zuten pankartari eutsi eta konbenio bidezkoa eskatuz.

Hamabiak aldera abiatu zen Jesusen Bihotzaren enparantzatik jenderik gehien bildu zuen manifestaldia, ELA eta CCOOk batera deiturikoa alegia.

Manifestaldi buruan Jose Elorrieta eta Santi Bengoa bi sindikatuetako idazkari nagusiak zihoazen, Berrindustrializazioa eta enplegua aldarrikatzen zuen pankartaren atzean.

Milaka pertsona hurbildu zen bi sindikatu hauek egindako deialdira, euria iragartzen zuten hodeien arriskuari muzin eginez.

Ibilbide bera egin zuen LABen manifestaldiak ere.

Jende ugari bildu zen Euskal Herriaren alde indartsu zioen pankartaren ostean, eta baserria, industria eta arrantzaren aldeko oihuak izan ziren nagusi.

ESK, EILAS, CNT eta CGT-k ere manifestari andana batu zuten Krisirik txarrena elkartasunik eza lemapean, ta halaber LSBk, Europa sozialaren aldeko deia eginez.

Eguerdiko ordu biak aldera bukatu ziren azken ekitaldiak.

UGTk Sestaon egindako manifestazioan 3.000 pertsonak hartu zuten parte.

Mobilizazio hau Sestaoko pilotalekuan izandako mitinarekin bukatu zen.

Bertan Ramon Rubial PSOEko presidentea eta Nicolas Redondo alderdi bereko euskal idazkaria izan ziren.

BI MILA GASTEIZEN

Bi mila pertsona inguruk hartu zuten parte Gasteizen egindako lau manifestaldietan.

Jendetsuena LAB sindikatu abertzaleak antolatutakoa izan zen, guztira ia mila pertsona bildu baitzituen.

UGT, CCOO, CGT eta ESKren artean beste hainbeste bildu zuten.

UGTrena izan zen lehen manifestaldia.

Goizeko hamaika t'erdietan laurehun pertsona inguru bildu ziren Ama Zuriaren enparantzan.

Enplegua aldarrikatu zuten, gainontzekoek bezala.

Manifestarien artean politiko sozialistaren bat ere bazegoen, Jose Antonio Agiriano esaterako.

Eguerdian, UGTko ibildaldia bukatu bezain pronto, CCOO sindikatuaren martxa abiatu zen leku beretik.

Bildutako hirurehun pertsonak industrializazioa eta enplegua aldarrikatu zuten Madril eta Gasteizko gobernuen kontra oihukatu zuten bitartean.

Mataderoko enparantzatik abiatu ziren CGT, LAB eta ESK, bata bestearen atzetik.

Sindikatu anarkistak 150 lagun bildu zituen, lana guztiontzako exigitu zuten: Lana bai, langabeziarik ez.

Gasteizen ezezik Donostian ere LAB sindikatuak lortu zuen jende gehien biltzea.

Sindikatu abertzaleko kideek enplegua eta berrindustrializazioaz gain, Euskadirentzako esparru sozio-ekonomikoa aldarrikatu zuten eta presoak ere gogoratu zituzten.

Donostiako Bulebarrean eguerdi aldera abiatu zen LABen manifestazio jendetsua.

Atzerago ESK, CNT eta CGTk antolatutakoa ibili zen.

CCOOko jarraitzaileek ere manifestaldia egin zuten Gipuzkoako hiriburuan.

ELA eta CCOO sindikatuek batera bildu zituzten jarraitzaile gehienak atzo Bilbon.

LABek deitu zituen manifestaziorik jendetsuenak Gasteiz eta Donostian.